BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

Ingurumen-ekonomiako 30 urte

Ingurumen-ekonomiako 30 urte
Anil Markandya katedradunari omenaldia

Abenduaren 15a - 17:30
Bizkaia Aretoa (Bilbo)
Oteiza gela, lehen solairua

Ekitaldi honen bitartez omenaldia egin nahi diogu Anil Markandya Katedradunari, bizitza osoan erdietsi dituen lorpenengatik eta BC3 (Basque Centre for Climate Change) erakundearen zuzendari zientifiko gisa egindako lanagatik –2008an erakundea sortu zenetik 2015era arte–.

Anil Markandya mundu-mailako punta puntako aditua da, ingurumenaren arloko ikertzaile aintzatetsietako bat. Ingurumen-arazoen alderdi teorikoak jorratzeaz gain, ingurumen-politikak aplikatzeko eredu egokiak ere garatu izan ditu.

Markandya katedraduna, hain zuzen ere, Ekonomia Berdearen kontzeptuaren sortzailetako bat izan zen, 1989. urtean Britainiako gobernuarentzat hainbat ingurumen-ekonomista nabarmenekin batera prestatutako txosten aitzindari batean: Blueprint for a Green Economy (Pearce, Markandya eta Barbier, 1989). Garai hartan kontzeptua guztiz onartu ez bazen ere, 2007ko krisialdi finantzario globalaren hasierak oso argi utzi zuen gaur egungo garapen-paradigmak ez zituela espero ziren emaitzak lortzen fronte guztietan: ekonomikoan, gizarte-mailakoan eta ingurumenekoan. Markandya katedradunaren ikerketa pizgarria izan da iraunkortasunean inbertitzeko. Esplizituki erakutsi die alderdi interesdun guztiei inbertsio horiek onura ekonomikoa ere badutela. Hildo horretatik,bere ustetan giza ongizatea izan behar da egindako ikerketaren azken helburua.

Ingurumenaren eta natura-baliabideen ekonomiak baliabide horiek zer diren eta modu iraunkorrean nola kudeatu behar diren aztertzen du. Ikerketaren arlo horretako erronka nagusien artean sar ditzakegu: klima-aldaketa, hau da, lurreko atmosfera gehiegi erabiltzea negutegi-efektuko gasen emisioaren isurgune gisa; natura-baliabideak nola baloratu; eta iraunkortasuna nola neurtu.

Agur-ekitaldi gisa pentsatutako omenaldi hau 2015eko abenduaren 15ean egingo da Bilboko Bizkaia Aretoan, Oteiza gelan (Abandoibarra hiribidea, 3, 48009 Bilbo).

Ekitaldi horretarako Ibon Galarraga doktorearen, Teresa Ribera andrearen,Mari Carmen Gallastegui Katedradunaren eta Anil Markandya Katedradunaren ekarpen baliotsuak izango ditugu, eta ingurumen-ekonomiaren hogeita hamar urteko ibilbidea berrikusiko da.



Mesedez baieztatu bertaratuko zaretela
events@bc3research.org


PROGRAMA (ekitaldia gaztelaniaz izango da)

17:30-17:35

Ongi etorria

17:35-18:00

"Ingurumen-ekonomia, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politika eta askoz ere gehiago: Anil Markandyari omenaldia".
[*] Environmental and Resource Economics (ERE) zenbaki bereziaren aurkezpena

Ibon Galarraga dk. (BC3,Basque Centre for Climate Change)

18:00-18:30

"Klima-politika Parisko goi-bileran"
Teresa Ribera And. (IDDRIko zuzendaria eta BC3, Basque Centre for Climate Change, erakundearen ISACeko kidea)

18:30-19:00

"Ingurumen-ekonomiako 30 urte"
Mari Carmen Gallastegui irak. (UPV/EHU)

19:00-19:30

"Ekonomia berderako eredu bat"
Anil Markandya irak. (BC3, Basque Centre for Climate Change, erakundeko zuzendari zientifikoa)

19:30-20:00

Koktela




Mari Carmen Gallastegui irakaslea

Mari Carmen Gallastegui Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Valladolideko Unibertsitatean, M. Sc (Econ) Britainia Handiko London School of Economics eskolan eta Ph. D. Ameriketako Estatu Batuetako Brown Unibertsitatean. Teoria Ekonomikoan katedraduna da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Publikoko Institutuko Ingurumen Ekonomiako Unitatearen zuzendaria izan da.

Bere ikerketan, baliabide berriztagarrien ustiapenerako kudeaketa hobeezineko ereduak garatzen hasi zen. Teoria ekonomikoko hainbat arlotako argitalpenak ditu: sektore publikoaren funtzionamenduarekin eta diseinuarekin lotzen direnak, Espainiako ekonomia eurogunean txertatzearekin lotzen direnak, eta jarduera ekonomikoen deslokalizazioaren fenomenoarekin lotzen direnak. Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren askotariko ikerketa-proiektuak zuzendu ditu, eta Europar Batasuneko Bosgarren eta Seigarren Esparru Programetan hartu du parte, UPV/EHUko eta AZTI/Tecnaliako kideek osatutako ikerketa-taldeko IP moduan. Unibertsitateko ikerketa-lanaz gain, finantzatutako hainbat proiektu aplikatutan hartu du parte, Ekonomia Publikoaren Institutuko zuzendari gisa. Azterketa Ekonomiko, Teknika Kuantitatibo eta Ekonomia Publikoko Doktoretza Programako zuzendaria izan da (programa horrek Ministerioaren kalitate-aipamena jaso zuen), eta bikaintasun-ikerketako talde bat zuzendu zuen.

2005ean, Ekonomia eta Ingurumeneko Lucas Mallada Sari Nazionala jaso zuen, eta, 2006an, Ekonomiako Ikerketako Euskadi Saria. Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko kidea izan da, baita UPV/EHUko Gobernu Batzordeko kidea, Fakultate Batzordeko kidea, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultateko Teoria Ekonomikoa Saileko zuzendaria, eta UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko kidea ere. Ikerbasque Fundazioko Zuzendaritza Batzordeko presidentea izan da (2007- 2009ko uztaila). Fundazio hori Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, ibilbide sendoko ikertzaileak euskal sistema zientifikora erakartzeko helburuarekin. 1991n, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza sailburua izan zen. 2013an Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen Paco Etxeberriarekin batera.

Teresa Ribera

Gaur egun, Teresa IDDRI erakundeko zuzendaria da. Espainiako Gobernuko Klima Aldaketako estatu-idazkaria izan zen 2008 eta 2011 artean; eta postu horretan, klima- eta ingurumen-politiken gaineko ardura zuen, baita Estatuko Meteorologia Agentziaren gaineko ardura ere. 2012ko irailaren eta 2013ko ekainaren artean, energia berriztagarrien sektorean lan egiten aritu zen. Askotariko postu teknikoak bete ditu herri-lan, garraio eta ingurumen ministerioetan (1996-2004), eta Klima Aldaketako Espainiako Bulegoaren zuzendari nagusi izan zen (2004-2008).

Teresa Ribera Zuzenbidean lizentziatua da, Zuzenbide Konstituzionalean eta Zientzia Politikoetan diplomaduna da Ikasketa Konstituzionalen Zentroan (Espainia), eta Estatuko Administratzaile Zibilen Goi-mailako Kidegoko kide da. Zuzenbide publikoko alboko irakaslea izan da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (Espainia).

Askotan elkarlanean dihardu irabazi asmorik gabeko hainbat gogoeta-talde eta -erakundetan, baita hainbat nazioarteko erakundetan ere. Klima-aldaketari, ingurumenari, energiari, nazioarteko gobernantzari eta Europako erakundeei buruzko hitzaldi, lantegi eta argitalpen askotan hartu du parte.

Teresa Ribera da Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuetako Esparru Konbentzioaren Momentum For Change ekimenaren Aholku Kontseiluaren presidentea. Munduko Ekonomia Foroaren Klima Aldaketari buruzko Aholku Batzorde Globalaren kide da, baita Nazio Batuetako Garapen Iraunkorrerako Konponbide Sarearen (UNSDSN) Lidergo Globaleko Batzordeko kide ere.

Ibon Galarraga

Ibon Galarraga Ekonomian doktorea da (Ingurumen Ekonomia) Bath-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Ekonomiako masterra du Essex-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Ekonomia Zientzietan lizentziatua da (Nazioarteko Ekonomia eta Garapenean espezializatua) Euskal Herriko Unibertsitatean.

Urte askotan, erakunde publikoen eta pribatuen ingurumen-aholkularia izan da, besteak beste, Munduko Bankuarena, Britainia Handiko Gobernuko Nazioarteko Garapeneko Sailarena edo Eusko Jaurlaritzarena. Aholkularitza-enpresa bat sortu zuen beste kide batzuekin batera.

Mikroekonomia eta makroekonomiako eskolak eman ditu Bath-eko Unibertsitatean, eta Politika ekonomikoko eskolak Deustuko Unibertsitatean.

2005eko uztaila eta 2009ko maiatza bitartean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordea izan zen, IHOBE erakundearen presidenteordea eta Energiaren Euskal Erakundearen batzordeko kidea. Kargu horretatik, arduratu zen 2007-2010 Ingurumen Esparru Programa prestatzeaz, Klima Aldaketaren Aurkako 2008-2012 Euskal Plana prestatzeaz eta Lurzoru Kutsatuen 2007-2012 Plana prestatzeaz.

Nazioarteko esparruan, aldiz, Garapen Iraunkorreko Eskualde Gobernuen Sareko (nrg4sd) presidenteordea izan zen 2005-2008 bitartean, eta modu aktiboan parte hartu du 2011tik aurrera klima-aldaketari buruzko goi-bileretan. 2013 eta 2015 artean, BC3 erakundearen alboko zuzendaria izan da.


Anil Markandya

Markandya irakaslea baliabideetan espezializatutako ekonomialari bat da, arlo horretan hogeita hamar urte baino gehiago lanean aritu dena eta, orain, arlo horretako aditu nagusien artean dagoena. 1965ean, London School of Economics ikastetxean lizentziatu zen, eta Ekonometriako masterra egin zuen. 1975ean ekonomian eta ingurumenean doktoratu zen.

Orduz geroztik, mundu akademikoaren eta aholkularitza-lanaren artean banatzen du bere denbora. Jarduera akademikoari dagokionez, klima-aldaketari, ingurumen-balorazioari, ingurumen-politikari, energia eta ingurumenari, kontabilitate berdeari, makroekonomiari eta merkataritzari buruzko lan ugari argitaratu du. Ezagunenen artean daude: ´Blueprint for a Green Economy’, ´Green Accounting in Europe’, ´Reconciling Trade and Development’ eta ´Cleaning the Ganges’.

Markandya irakasleak postu akademikoak bete ditu Ameriketako Estatu Batuetako Princeton, Berkeley eta Harvard unibertsitateetan eta Erresuma Batuko University College London unibertsitatean eta Bath-eko unibertsitatean. Bestalde, IPCCren klima-aldaketari buruzko ebaluazioko hirugarren eta laugarren txostenetako hainbat kapituluren egile nagusia da. 2008ko apirilean izendatu zuten Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari exekutibo. Klima-aldaketarekin eta energia eta ingurumenarekin lotuta dauden alderdietan sakon-sakon lan egin du, eta zenbait sari jaso du. IPCCren 4. ebaluazioa idatzi zuen talde nagusiko kide izan zen (2007an Bakearen Nobel Saria eman zioten Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Talde hori). 2008an, Cambridgeko Unibertsitateak iraunkortasunaren arloan mundu-mailako eragin handiko 50 pentsalarien artean hautatu zuten Markandya.

2012an, Ingurumen Ekonomilarien Europako Elkartearen (EAERE) presidente hautatu zuten, eta bi urteko agintaldiari 2014ko urtarrilean eman zion hasiera. Markandya, bestalde, nazio-mailako zein nazioarteko askotariko erakundeen aholkulari izan da, hala nola nazioarteko garapen bankuena, Nazio Batuetako Garapenerako Programarena, Europar Batasunarena eta India eta Erresuma Batuetako gobernuena. Munduko Bankuan, aholkulari nagusi izan zen, eta energiaren eta ingurumenaren arloko gaietan elkarlanean jardun du Asiako, Europa Erdialdeko eta antzinako Sobietar Batasuneko gobernu askorekin.

 

About the publication

Argitalpenari dagokionez
Environmental Economics, Climate Change Policy and Beyond: A Tribute to Anil Markandya
Ibon Galarraga1,2 · Mikel Gonzalez-Eguino1 · Dirk T. G. Rübbelke3
Onarpen-data: 2015eko abuztuaren 15a
© Springer Science+Business Media Dordrecht 2015

http://link.springer.com/article/10.1007%2Fs10640-015-9959-0)





 
ecmware
Enterprise Platform